BERRIAK

SANTA AGEDAREN OSPAKIZUNA BULTZATZEN

Gaur goizean, Gipuzkoako tradiziorik errotuenetako bat den Santa Ageda eguna ospatzeko programatu diren jarduerak aurkeztu dira Gipuzkoako Foru Jauregian.
 

Prentsaurrekoan, Goizane Álvarez Irijoa Kulturako diputatuak eta hainbat kultura eta musika erakundetako ordezkariek hartu dute parte. Bertan izan dira Amaia Aldalur, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren presidentea, Beñat Azaldegi, Gipuzkoako Bertsolari Elkartearen ordezkaria  eta Xabier Kerexeta, Etnografiako Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare teknikaria.

Amaia Aldalur, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren presidentearen hitzak azpimarratu nahiko genituzke:

 
“Argi dago kantua eta gehien bat koruak protagonistak direla Santa Ageda bezperako errituan. Halako tradizioek, euskaldunei, gure sustraiekin lotura sakon bat gogorarazten digute eta adierazten digute zein garen eta zerk ematen digun nortasuna, lotura eginez aintzineko sentierarekin eta bizitzeko era batekin. Aldi berean kantu korala garrantzizko leku batean kokatzen du, merezi duen lekua emanez: ahotsak, hitzak, abesteak eta batez ere taldean abesteak duen indarra eta boterea azpimarratzen duelako.
Aurten ez dugu denbora asko izan beste kolektiboekin estrategia amankomun bat artikulatzeko, eta egin dugun ahalegina xumea izan da: gure web orrian Santa Ageda bezperan ospatzen diren lekuak mapa batean biltzea.
Datozen urtetarako Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa prest dago mapa eta informazio hau osatzen jarraitzeko, baita ere tradizio hau indartzeko hemen daudenbeste talderekin batera.”