SANTA AGEDA – ARETXABALETA
Aretxabaletako ohitura bestelako da. Urtearen barruan 19 urte betetzen dituzten herriko gazteak, Santa Ageda bezperan hasi eta aratusteetako domekara bitartean, “Santa Ageda neska-mutilak” izaten dira.
SANTA AGEDA BEZPERA:
Esanak esan, Santa Ageda bezperan, herri osoko kale eta baserrietatik ibiltzen dira kantuan, diru eta jaki eske, eskusoinu edo trikitien doinuez lagundurik. Egunari hasiera emateko, Santa Ageda neska-mutilak Herriko plazan elkartzen dira goizeko 6:30ean, eta 3 etxafleru jaurtitzen dituzte. Guztiak baserritar jantzita joaten dira. Goizean jasotako diruarekin eta bildutako jakiekin (arrautza, txorixo…), hamarretakoa egiten dute. Goiz partean, Urkulu inguruko auzoak eta Arkarazo egin ohi dituzte, eta arratsaldean gainerakoak. Herriko baserriren batean Gabonak eta Santa Ageda egunaren bitartean norbait hil baldin bada, ohitura da bertako ugazabei galdetzea Santa Ageda kantua edo errezatzea gura duten. Dena dela, gaur egun ohitura hau nahiko galduta dago. Auzoz auzo dabiltzala, hurrengo auzora gerturatzen ari direla jakinarazteko, etxafleroak botatzen dituzte. Bestalde, egun honetan jasotako jakirik sobratuz gero, zaharren egoitzara eramaten dituzte.
SANTA AGEDA EGUNA:
Santa Ageda egunean, goizeko 8:30ean biltzen dira herriko plazan, eta 3 etxaflero botaz ematen diote hasiera egunari. Egun honetan kalean aritzen dira kantuz kantu eskean, baina, aurreko egunean ez bezala, dantzari jantzita ibiltzen dira, hau da, alpargata zuri, gerriko gorri, txapel gorri, praka txuri, jertse gorri edo txaketa iluna jantzita eta lepoan koloretako zapi handi bat dutela. Horretaz gain, bezperan legez, trikitixa edo eskusoinuaz lagundurik ibiltzen dira. Goizean zehar, etxez etxe egiten dute eskean; bazkaldu eta arratsalde partean, ordea, denda eta tabernetan.
DOMEKERO:
Santa Ageda egunetik aratuste domekara bitarteko domeka guztietan, herriko plazan Santa Ageda dantzak eskaintzen dituzte Santa Ageda neska-mutilek.
ARETXABALETAKO SANTA AGEDA KO OHITURAGEHIAGO BILTZEN DITUEN DOKUMENTUA HEMEN










































