LETICIA VERGARA
LETICIA VERGARA
Irunen jaioa, musika ikasketak Irun, Iruña, Donostiako kontserbatorioetan eta Musikenen burutu ditu, Klarineteko Goi-mailako Irakasle-titulua eta Kantuko Titulu Profesionala lortu dituelarik. Deustuko Unibertsitatetik Historia–Kultur Ondarean lizentziatua da eta OUCetik Kultur Kudeaketan graduondokoa dauka. Irungo Ametsa Txiki, Donostiako Orfeoiko Abeslari Txikiak eta Orfeoi Gaztearen zuzendaria da eta Pasaia Musikal musika eskolan klarinete irakaslea.
Carmen Arbizu irakaslearekin prestatu da eta Ana Luisa Chova eta Rubén Fernández Aguirreren eskolamagistralak jaso ditu. Ricardo Requejo pianistarekin adiskidetasuna eta eszenatokia partekatu zituen eta 2016ean Irunen errezital bat eskaini zuten elkarrekin. Maciej Pikulski pianistarekin Ahozko Errepertorioan espezializazio graduondokoa burutu du Musikenen eta elkarrekin Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioan kontzertu bat eskaini zuten.
La Flauta Mágica (Mozart) operan Hirugarren Damaren papera abestu du Donostiako Kursaalean, Dido y Eneas-en (Purcell) Dido izan da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eta Agrippina-n (Händel) Agrippina. Taupadak orkestrarekin Cinco Canciones Negras(Montsalvatge) eskaini ditu eta Ma non Troppo orkestrarekin Petite Messe Solennelle (Rossini), Requiem (Mozart) eta Magnificat (Bach) abestu ditu, besteak beste.
Donostiako Musika Hamabostaldian abesteaz gain, Zumarragako Antiguako Musika Zikloan, Hondarribiko Eliz Musika Zikloan eta Orchestre Régional Bayonne Côte Basque-ren denboraldian abestu du. Luis Mariano Nazioarteko Lehiaketan finala eta publikoaren saria lortu zituen XII. edizioan eta Logroñoko Kantu Nazioarteko XXXV Lehiaketan finalista izan zen.

